Metodologia
Orri honek azaltzen du nola lantzen diren datuak: zer lurralde hartzen den, zer zenbatzen den, nola sailkatzen diren alderdiak bloke politikotan eta nola batzen diren Hegoaldeko eta Iparraldeko hauteskundeak mapa berean. Datuen jatorria Iturriak orrian dago.
- Udalerriak
- Hegoaldean 524 + Iparraldean 159
- Noiztik
- 2011
- Xehetasun handiena
- Sekzio zentsala · bulegoa
Lurraldea
- Hegoaldea: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko udalerriak. Udalerri berriak bere mugekin agertzen dira (adibidez, Usansolo, 2024an Galdakaotik bereizia).
- Enklabeak: Trebiñu (Trebiñu eta Argantzun, Burgosen) eta Villaverde Turtzioz (Valle de Villaverde, Kantabrian): udal hauteskundeetan eta europarretan bakarrik, eta Euskal Herri osoaren guztizkoan bakarrik; ez dira Arabaren ez Bizkaiaren barruan zenbatzen.
- Iparraldea: Euskal Hirigune Elkargoko 158 udalerriak eta Eskiula (Zuberoa): 159 udalerri. Herrialde bakoitzaren (Lapurdi, Behe Nafarroa, Zuberoa) eta Elkargoko polo bakoitzaren arabera ere ikus daitezke.
- Mailak: Euskal Herri osoa; EAE, Nafarroa Garaia eta Iparraldea; herrialdeak; eskualdeak; udalerriak eta sekzioak. Hurbildu ahala, mapa batetik bestera igarotzen da.
- Eremu txikienak: Hegoaldean sekzio zentsalak; Iparraldean hauteskunde-bulegoak (udalerri handietan). Iparraldean, gainera, barruti legegileak (4., 5. eta 6.a) eta kantonamenduak.
Zer zenbatzen den
- Ehunekoak hautagaitzen botoen gainean kalkulatzen dira, boto zuririk eta baliogaberik gabe. Parte-hartzea = boto-emaileak / errolda.
- Frantziako hauteskundeetan, lehen itzulia bakarrik.
- Atzerrian bizi direnen botoa (CERA) ez dago inongo udalerriri lotuta: udalerriak, sekzioak eta eskualdeak hura gabe doaz. Lurraldeek, EAEk eta guztizkoak barne dute botoetan, ehunekoetan eta parte-hartzean, emaitza ofizialak bezala; panelak egoiliarren parte-hartzea ere ematen du, mapako geruzarena dena, eta atzerriko botoa aparte xehatzen du. Hauteskunde orokorretan, europarretan, Eusko Legebiltzarrekoetan (2020ra arte: 2024koan Eusko Jaurlaritzak errolda baino ez du argitaratzen) eta Nafarroako Parlamentukoetan 2015etik (2019ko fitxategiak 1.625 hautesleko errolda dakar, 2015ean 23.156 eta 2023an 29.812 izanik; beraz, hor parte-hartzea egoiliarrena baino ez da).
- Zerrenda irekiak: Hegoaldeko 250 biztanletik beherako udalerrietan eta Iparraldeko 1000tik beherakoetan (2020ra arte) pertsonei bozkatzen zaie. Hegoaldean, hautagaitza bakoitzari bere hautagai bozkatuenaren botoak ematen zaizkio; Iparraldean, boto guztiak «Hautagai libreak» zerrenda batean biltzen dira.
Bloke politikoak
Hegoaldean alderdi bakoitza bere sigletatik sailkatzen da, arau finkoekin eta eskuzko zuzenketekin. Iparraldean ez dago siglarik: prefekturaren «nuance»-tik abiatzen da, eta udal hauteskundeetako zerrendak eskuz berrikusten dira.
| Blokea | Hegoaldea | Iparraldea |
|---|---|---|
| Ezker subiranistak | EH Bildu, Aralar, EA, EAE-ANV, EHAK | EH Bai |
| EAJ-Geroa Bai | EAJ-PNV, Geroa Bai / NaBai | EAJ-PNB |
| Alderdi Sozialistak | PSE-EE, PSN (PSOE) | PS, ezker anitza |
| Ezker estatalak | Sumar, Podemos, EB / IU, Batzarre | LFI, PCF, ekologistak, NUPES, NFP |
| Zentroa | — | Renaissance, MoDem, Résistons! |
| Eskuina | PP, UPN, NA+, CDN, Cs, UPyD | LR, eskuin anitza |
| Ultra eskuina | VOX | RN, Reconquête |
- Legegileak 2024: EH Bai Fronte Herritar Berriaren barruan aurkeztu zen. Fronte horretako hautagaitzak «EH Bai + Ezkerrak» bloke berezian daude, hauteskunde horretan bakarrik.
- Sailkatu gabeak: udal hauteskundeetan «Tokiko zerrendak»; gainerakoetan «Gainontzekoak». Ez dira elkarren artean batzen.
- Nola ikusten den: Hegoaldea alderdika; Euskal Herri osoa blokeka (Hegoaldeko eta Iparraldeko alderdiak ez dira berdinak); Iparraldea blokeka, udal hauteskundeetan izan ezik (zerrendaka).
Hegoaldea eta Iparraldea mapa berean
Hauteskunde-sistemak desberdinak dira. Mapa bakoitzak zona bakoitzean antzekoena den hauteskundea erabiltzen du:
| Mapa | EAE | Nafarroa Garaia | Iparraldea |
|---|---|---|---|
| Udalak | Udal hauteskundeak | Udal hauteskundeak | Udal hauteskundeak |
| Autonomikoak | Eusko Legebiltzarra | Nafarroako Parlamentua | Eskualdekoak (Frantziako départementales: departamenduko kontseilua, kantonamenduka) |
| Foralak | Batzar Nagusiak | Nafarroako Parlamentua | Eskualdekoak (départementales) |
| Estatua | Diputatuen Kongresua | Diputatuen Kongresua | Legegileak |
| Europa | Europako Parlamentua | Europako Parlamentua | Europako Parlamentua |
- Denbora-lerroa: data bakoitzean, zona bakoitzeko data horretarainoko azken hauteskundeak erakusten dira. «Gaur» ikuspegiak eremu bakoitzeko azkenak batzen ditu. 2011koak zona bakoitzeko aurrekoarekin osatzen dira, 2007tik 2010era bitartekoa izan arren (2011ko orokorrak, Iparraldeko 2007ko legegileekin); hori ez da bakarrik aukeratzen. 2011ko udal hauteskundeak Iparraldea gabe daude: 2008koen emaitzak ez daude udalerri guztienak argitaratuta.
- Aldaketak (▲ ▼): zona bakoitzeko aurreko hauteskunde baliokidearekiko. Euskal Herri osoan, zona guztiek aurrekoa dutenean bakarrik.
- Euskal Herriko guztizkoak zatien batura dira. Europako hauteskundeetan izan ezik, ez dira hauteskunde bakarra: data desberdinetan eta sistema desberdinekin bozkatu zen.
- Puntuan (sagua eremu baten gainean), lehenengoarengandik 10 puntura edo gutxiagora dauden hautagaitzak bakarrik agertzen dira.
Euskara-eremuak
Mapak udalerriak hiru eremutan ere batu ditzake, euskaldunen ehunekoaren arabera: eremu euskalduna (% 50 baino gehiago), eremu mistoa (% 30–50) eta eremu erdalduna (% 30 baino gutxiago). Ezagutza da, ez erabilera: Inkesta Soziolinguistikoak ez du udalerrikako daturik ematen. EAEn, Eustaten 2021eko zentsuko udalerri bakoitzeko datua; Nafarroa Garaian, oraingoz, hizkuntza-eremu bakoitzeko datua (Nastat); Iparraldean, inkestaren hiru eremuetakoa (BAM, Lapurdi BAM gabe, Nafarroa Beherea eta Zuberoa).
Sekzio zentsalak eta daturik gabeko eremuak
- INEk sekzioak ia urtero aldatzen ditu (zatitu, batu, zenbakia aldatu). Hauteskunde bakoitza bere sekzioei hobekien dagokien urteko mapekin marrazten da.
- Sekzio berri batzuek oraindik zaharraren barruan bozkatu zuten (hauteskunde-errolda lehenago ixten da). Horiek bozkatu zuten sekzioaren datuekin marrazten dira, eta puntuak hala adierazten du.
- Sekzioka daturik ez duten herri txikietan, sekzioek udalerriaren emaitza erakusten dute.
- Marradun eremuak daturik gabe daude, eta puntuak arrazoia ematen du: hauteskundea ez zen hor egin; 2011ko eskualdekoetan kantonamenduen erdiak bakarrik bozkatu zuen; edo iturri ofizialean ez dago emaitzarik (hautagaitzarik gabeko Nafarroa Garaiko udalerriak).
Eserlekuak
- Eusko Legebiltzarra eta Batzar Nagusiak: Eusko Jaurlaritzaren datu ofizialak.
- Diputatuen Kongresua: Barne Ministerioaren datu ofizialak (Hegoaldeko diputatuak).
- Nafarroako Parlamentua: d'Hondt legearekin kalkulatuak (50 eserleku, % 3ko langa); 2011, 2015, 2019 eta 2023ko emaitza ofizialekin bat datoz.
- Zinegotziak: udalerri bakoitzekoak. Iparraldean, bigarren itzulia egon zen udalerrietan ez daude.
- Ez dago eserlekurik bigarren itzulian erabakitzen diren Iparraldeko hauteskundeetan, ezta Europako Parlamentuan ere (barruti bakarra).
Euskal Parlamentu Federala
Simulazio bat da: Euskal Herri osorako parlamentu batek, Autonomikoak mapako botoekin, zer itxura izango lukeen. 220 eserleku, herrialdeka banatuta: Bizkaia 60, Nafarroa Garaia 45, Gipuzkoa 40, Araba 25, Lapurdi 25, Behe Nafarroa 15 eta Zuberoa 10. Herrialde bakoitzean d'Hondt legea aplikatzen da, % 3ko langarekin; gehiengo osoa 111 eserlekutan dago.
Udal / foru aldea
Udal hauteskundeak zona bakoitzeko foru-pareko hauteskundeekin konparatzen dira: EAEn Batzar Nagusiak eta Nafarroa Garaian Parlamentua (biak udal hauteskundeen egun berean: 2011, 2015, 2019, 2023), eta Iparraldean kantonalak (départementales), denboran hurbilenak (2014 ↔ 2015, 2020 ↔ 2021, 2026 ↔ 2021). Alderdi edo bloke bakoitzeko: udal hauteskundeetako % − foru-parekoetako %. «Guztira» aldatzen den botoaren ehunekoa da (alde absolutuen baturaren erdia). Adibidez, Donostian 2023an EAJ-PNVk % 28,5 jaso zuen udal hauteskundeetan eta % 31,5 Batzar Nagusietan: aldea, −3,0 puntu; EH Bilduk, % 27,2 eta % 26,9: +0,3.
Tokiko zerrendak multzo bakar gisa zenbatzen dira. Udal botoa ia osorik (% 95 edo gehiago) sailkatu gabeko zerrendetakoa den eremuak ezin dira konparatu, eta marradunak dira: Iparraldeko herri gehienetan gertatzen da, udal zerrendek ez baitute alderdirik. Baiona, Angelu eta Bokale bat bakarra balira bezala konparatzen dira (bi hauteskundeetan batuta): kantonamenduek Baiona eta Angelu zatitzen dituztenez, kantonaletako botoa ezin da udalerrika banandu.
Muga ezagunak
- Iparraldean, Frantziako «nuance» ofizialek ez dute beti EH Bai eta EAJ bereizten; hautagaitzak eskuz berrikusten ari gara.
- Iparraldeko hauteskunde batzuetan botoaren zati handi bat sailkatu gabe dago (Gainontzekoak).
- Legegileak 2022-2024: NUPES eta NFP Ezker estatalan daudenez, Alderdi Sozialistak ia ez dira agertzen Iparraldean.
- Euskal Herri osoko konparazioek sistema eta data desberdinak batzen dituzte; joerak ikusteko balio dute, ez emaitza bakar gisa.
Egiaztapenak
Datuak eraikitzen diren bakoitzean egiaztapen automatikoak egiten dira: botoen kuadreak, parte-hartzea, sekzioak udalerrien aurrean, sailkatu gabeko botoa eta Nafarroa Garaiko eserlekuak emaitza ofizialen aurrean. Akatsen bat ikusiz gero, idatzi kontaktua@hautesbehatokia.eus helbidera.
Hegoaldeko emaitzak ofizialekin ere alderatzen dira. Lurralde bakoitzeko gure baturei atzerrian bizi direnen botoa (CERA, mapan udalerrika banatzen ez dena) gehitzen zaie, eta Barne Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren guztizkoekin alderatzen dira. 2011tik aurrera aldeak txikiak dira (guztizkoetan % 0,5 baino gutxiago), eta fitxategi ofizialek euren artean dituzten aldeetatik datoz. Bi salbuespen daude. 2014ko Europako hauteskundeetan Ministerioaren udal-fitxategia osatu gabe dago, eta mahaiak batuz kalkulatu dira; Arruazun, Etaiun eta Garaioan ez dago emaitza osorik, eta marraz ageri dira. 2023ko Batzar Nagusietan, mahaika fitxategiak ez zekarren PHren botorik, eta hautagaitzen botoetatik kalkulatu dira. 2015eko hauteskunde orokorretan, Ministerioaren udalerrikako fitxategiko hautagaitzen botoen guztizkoa hautagaitza bakoitzaren botoen batura baino txikiagoa da (1.753 boto Hegoaldean): batura hori erabiltzen da, probintziako guztizko ofizialarekin bat datorrena.